Morau eta Agotak-elkarrizketa 2008
SARRERA
Zer esan Andoni Tolosa Morauri buruz. Musikalki, anaia izan dela urte askotan eta zorte haundia izan degula bera eazagutu eta berarekin hainbat ekimenetan elkarrekin aritzeagatik. Pertsona zintzo eta jatorra iruditu zaigu beti. Gertuko eta atsegina harremanean. Umiltasunez, proposatutako edozein ekimen zoroan parte hartzeko prest beti:-)
Musikalki militante eta hiperaktibo :-)
Web orri honetan azaltzen diren antzeko artixta askorekin gertatu bezala, zorretan gaude berarerik. Euskal kultura aberasteko bidean izugarrizko lana egin duen beste laguna.
Eskerrik asko Andoni.
------
Martxan jarri dituen egitasmo desberdinen artean Morau eta Agotak izenarekin kaleratutako disko honetarako elkarrizketa egin genion.
MORAU TA AGOTAK

KALAMIDADIAK
Musikazale amorratuaren kantu berriak
Andoni Tolosa aurpegi anitzeko musika zaletua da. Musikarekiko maitasunak bultzatuta, bide desberdinak aukeratu ditu musika hori zabaltzeko garaian. Morau ezizenarekin, pop-rock munduko kanta autore konprometituaren jantzia janzten du; Dj Talo bezala berriz, etno-tekno delakoarekin dantzan jartzen du jendea, eta bata bestearekin zerikusia ez duela iruditu arren, guztiaren atzean, maite dituen doinuak lau haizeetara zabaltzeko helburua du. Musikaren militante honek hamazazpi urte bete ditu errepidean eta disko berriarekin kilometro gehiago egiteko asmoarekin dator.
E: Zergatik Morau izena?
Andoni: Komiki zaletasuna nuen aspalditik eta Mattin komiki egilearekin batera komiki tira osatzen nuen duela hogei bat urte. Mattinen benetako izena Iñaki Martiarena da, eta nik ere ezizena behar nuenez, Victor Mora gidoilari katalanari keinua eginez (ironikoki) Morau ezizena hartu nuen. Mattin izan da diskoaren diseinuaz arduratu dena eta bideo klipa ere osatu du.
E: Eta diskoari zergatik jarri diozu Kalamidadiak izena?
A: Orain arte kaleratutakoen artean, azken hau, Morauren diskorik sozialena dela esan daiteke. Horrela izatea nahi nuen eta hasieratik horrela pentsatu nuen. Kalamidadiak, nire inguruan sumatzen ditudan kalamidadeen zerrenda da. Era berean, izenburuaren zentzu bikoitzarekin jokatu nahi nuen; hau da, gertaera lazgarriak batetik, eta bestetik, pertsonak kalamidadiak garelako.

E: Zer nolako harremana duzu Agotakekin?
A: Agotak duela zazpi bat urte sortu zela. Hasieran kantuak nik konposatzen ditut eta diskoa prestatzen hasterakoan, entsaio lokalera joan eta kantuei forma ematen diegu. Disko honetan, behin kantuak konposatu nituela, musikariei esku hartze handiagoa eman nahi nien, eta ondorioz, bigarrenez diskoaren azalean ere izena jarri dugu.
E: Maila artistikoan bi aurpegi dituzu; batetik Morau kanta autorea eta bestetik, hasiera batean behintzat, aurrekoarekin musikalki zerikusi handirik ez duen Dj Talorena. Nola bateratzen dituzu biak?
A: Egia esateko, ni musikaria baino musikazalea naiz. Musikazale naizen aldetik, ahal den eta musika gehiena entzun behar dela uste dudanez, burua irekia edukitzen saiatzen naiz eta estilo asko entzuten eta dastatzen ditut. Musika zaletasun beraren bi aldeak dira; batetik, sortzailearen aldea dago, eta bertan niretzat bide naturala izan da kanta autorearena. Horrek ez du kentzen noizbait musika elektronikoan sartuko ez naizenik, eta bestetik, disko jartzailearena, gustukoak ditudan doinuak zabaltzen.
E: Gaur egun dauden tresna elektronikoek lagunduta produkzio konplexuak bilatzen dira askotan. Diskoa entzunda ez dirudi zuek horrelakorik bilatzen duzuenik.
A: Diskoa grabatzeko garaian gauza asko egin daitezke produkzio aldetik. Arazoa da, gero, hori oso zaila dela defendatzen zuzenean . Azkenean, kantuak bere zentzua galtzea gertatu daiteke. Hasieratik, garbi genuen ez genuela inor gonbidatuko, diskoa gu geuk egin nahi genuelako, besteen laguntzarik gabe noraino iritsi gaitezkeen ikusteko. Gaur egun, gainera, diskoaren funtzio nagusienetakoa taldea aurkeztea da, eta gero, diskoa zuzenean defendatu behar da.
E: Diskoa IZ estudioetan grabatu duzue. Grabazioak etxean egitea geroz eta ohikoagoa den garaian, zuek estudio handi batera joan zarete.
A: Egia esan, zorte handia izan dugu IZ bezalako grabazio estudio profesionaletan grabatzeko aukera izan dugulako. Grabazioak etxean egin daitezke, baina, soinu aldetik desberdintasun handiak daude, eta gainera, soinu teknikari profesional batekin aritzeak gauzak asko errazten ditu. Era honetan, diskoa grabatzeko garaian, ez zara kontu teknikoekin arduratu behar.
E: Zure kasuan, kantuen letrek garrantzi berezia dute, eta eskertzekoa da, erres ulertzeko moduan abesten dituzula. Eskertzekoa da, era berean, diskoarekin batera doan liburuxkan, kantuen letrak idatzita azaltzea, hizkuntza desberdinetan gainera.
A: Letren bidez zerbait esan nahi duzuenean logikoa da ahalik eta modu ulerterrazenean adieraztea. Letrak idatzita azaltzearekin zalantzak izan nituen, hasieran, soilik euskaraz eta ingelesez azaltzea pentsatu nuen. Ingelesak ate asko zabaldu ditzake kanpoan. Gertatzen dena da, askotan, euskaraz ez dakien jendeak, nire letrak zer dioten ulertu nahiko luketela, eta orduan, gazteleraz eta frantsesez itzultzea pentsatu nuen.
ARITZ SOUND SYSTEM

